Pikoketako harria

Pikoketako harria

Istorioa apur bat gogoraraziz, 1978. urtean, uztailaren 28an zehazki, Irungo herritar talde batek, 1936ko abuztuaren 11ko fusilatuen senideekin batera, Pikoketako gorpuzkiak lurpetik ateratzea erabaki zuten.

Badirudi gorpuzkiak hainbat egunez lurrean botata gelditu zirela, abandonatuta, inguruko zakur eta piztien eskura, baserriko bizilagunek lurperatu zituzten arte. Senideak eta kideak gorpuzkien bila joan zirenean baserritarrei lurperatzearen leku zehatza galdetu zieten. Aitonak lekua ez zuela oroitzen aipatu zuen, fusilaketak jazo zirenean gaztea zela argudiatuz.

Hala ere, Irungo Udaletxeko Gestorako kide batek, Aranzadik, senideek eta besteek hurrengo egunean hondeatzaile batekin bueltatuko zirela adostu zuten lurra harrotzeko helburuarekin. Honela, aitonak, diotenez, unean bertan berreskuratu zuen oroimena eta bertaratuei gorpuzkiak zeuden lekua seinalatu zien.

Gerora, 80. hamarkadan, Ezker Abertzaleko hainbat kidek, hala nola, Txomin Muñoz, Manu Cañal, Karlis eta beste hainbatek, adreiluzko monolito bat eraiki zuten fusilatuen oroimenez egungo Pikoketako parking-ean. Zoritxarrez, urteetara, txikituta amaitu zuen Guardia Zibilak botata.

Denbora pasata, garaiko “HAZIA” marmoldegian Irungo iturri zahar bateko granitozko harri bat zegoen. Herri Batasunako herri batzordeak harria grabatzea erabaki zuen Pikoketan jartzeko, fusilatuen “monolito” gisa. Grabaketa honetaz arduratu ginen Alberto Cabezas eta ni, Karlos Bailon. Honetarako, Santiago Kaleko lokal bat utzi ziguten. Alabaina, lana amaitzeke zegoela, Alberto Guardia Zibilak atxilotu zuen, E.T.Ako komando bateko kide izatea leporatuta eta baita niri ere, nahiz eta hurrengo egunean aske gelditu.

Harria amaitzeko, Berako marmoldegira eraman genuen monolitoa eta “Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak – Eraildako askatasunaren aldeko borrokalariak” leloa jartzea erabaki zen (Josu Cariñenaren hitzak, H.B.ko garaiko zinegotzia). Alboetan, lauburua, ikurriña eta “Gora Euskadi Askatua” jarri genituen. Fusilatuen gorpuzkiak topatu ziren zuloan ezarri genuen harria.

Inaugurazio ekitaldi bat antolatu genuen eta bertan egon ziren Kepa Ordoki, “Tankil”, Miguel Genua, Antonio Aramburu, Marcelo Usabiaga eta Gerra Zibileko beste hainbat errepresaliatu, erailen senide eta bertaratuekin batera.

Gaur egun, lehen inskripzioaz gain, monolituan fusilaturiko 13 pertsonen izen eta abizenak daude. “Nicolas Guerendiain” talde errepublikanoak eskatu zuen izenak jartzeko baimena eta honek antolatzen du urteroko omenaldia.

Karlos Bailón Almandoz