Bidasoa inguruko hamarnaka emakume atxilotu zituen Frankismoak Bidasoan. Esaterako, Francisca Miqueo, Francisca Sarobe, Antonia Tellechea eta Juliana Tellechearen atxilotze agindua luzatu zuten Lesakan, “Espainiako mugimendu salbatzailearendako arriskutsuak” izatea leporatuz.
Galdames untziko 173 atxilotuetan Behe Bidasoko bizilagunak topa ditzazkegu, hala nola, Luisa Vazquez Zugasti, Orosia Ordoki Vazquez edota Dominica Vazquez Zugasti, hirurak Kepa Ordokiren senideak. Guztiz deigarria da Dominica eta Orosiaren amari leporatutakoa: “cuya vida privada ha sido causa de la perdición de sus hijas una de las cuales fue presidenta del Socorro Rojo y amante de uno de los mayores asesinos de la ciudad fronteriza” eta Orosia Ordokik, Socorro Rojoko lehendakaria izandakoak, Palma de Malllorcako espetxean amaitu zuen. Bertan, bi aldiz simulatu zuten bere fusilamendua.
Atxilotuez hitz egitean ezin daiteke albo batean utzi Ondarretako Espetxea. Bertako 70 atxilotuk baina gehiagok Bidasoa zuten jatorri. Lapurretak, kontrabandoa edota erregimen berriarekin bat ez egitea leporatuta hamarnaka emakumek egin zuten egonaldia Donostiako espetxean. Avelina Esteverena Beratarrak hiru egunez atxilotua egon zen abortatzeagatik.