Gerora, 80. hamarkadan, Ezker Abertzaleko hainbat kidek, hala nola, Txomin Muñoz, Manu Cañal, Karlos eta beste hainbatek, adreiluzko monolito bat eraiki zuten fusilatuen oroimenez egungo Pikoketako aparkalekuan. Zoritxarrez, urteetara, txikituta amaitu zuen Guardia Zibilak botata.
Denbora pasata, garaiko “Hazia” marmoldegian Irungo iturri zahar bateko granitozko harri bat zegoen. Herri Batasunako herri batzordeak harria grabatzea erabaki zuen Pikoketan jartzeko, fusilatuen “monolito” gisa. Grabaketa honetaz arduratu ginen Alberto Cabezas eta ni, Karlos Bailon. Honetarako, Santiago Kaleko lokal bat utzi ziguten. Alabaina, lana amaitzeke zegoela, Alberto Guardia Zibilak atxilotu zuen, E.T.Ako komando bateko kide izatea leporatuta eta baita niri ere, nahiz eta hurrengo egunean aske gelditu.