Milizianak

1936ko uztailaren 18ko estatu kolpearen osteko defentsan gizon eta emakume, zahar ala gazte, guztiak izan ziren beharrezkoak. Behar horren adibide dugu ere nazioartetik etorritako jendea. Esaterako, Estoucha, Esther Zilberberg, Belgikako Gazteria Antifaxistekin etorri zen Behe Bidasoa defendatzera. Berez, erizain lanak egin behar zituen Estouchak, baina ez zuen adore faltarik izan faxistek burkidea hil zutenean, ametrailadora hartzeko.

Erizain lanetan ibili zen ere Felipa Dominguez Taguada “Domi”. Lehen tiroketak entzun ostean, Gayano sendagilearen aurrean bolondreski aurkeztu zen laguntza eskaintzeko. Honela, Txarodiko Gurutze Gorriaren erizaintza postuan hasi zuen jarduna. Faxistek eskualdea bereganatu ostean, iparraldera ihes egin arren, segituan itzuli zen Domi Bartzelonan laguntza eskaintzera. Ondoren, Madrilera egin zuen salto eta bertan topatu zen, Antonio Ortega Gutierrez, Euskal Milizia Antifaxisten buruarekin.

Pilar Valles Vicuña eta Mercedes López Cotarelo ere lehen lerroan zeuden. Burkideekin batera Pikoketaren defentsan jardun zuten. Puntu estrategikoa da Pikoketa Oiartzun eta Behe Bidasoko bailaren artean kokatua dago eta. Modurik gordinenean fusilatu zituzten 16 eta 17 urteko emakume hauek, beraien pekatu bakarra herriaren askatasunagatik borroka egitea izan zelarik.

Atxilotuak

Bidasoa inguruko hamarnaka emakume atxilotu zituen Frankismoak Bidasoan. Esaterako, Francisca Miqueo, Francisca Sarobe, Antonia Tellechea eta Juliana Tellechearen atxilotze agindua luzatu zuten Lesakan, “Espainiako mugimendu salbatzailearendako arriskutsuak” izatea leporatuz.

Galdames untziko 173 atxilotuetan Behe Bidasoko bizilagunak topa ditzazkegu, hala nola, Luisa Vazquez Zugasti, Orosia Ordoki Vazquez edota Dominica Vazquez Zugasti, hirurak Kepa Ordokiren senideak. Guztiz deigarria da Dominica eta Orosiaren amari leporatutakoa: “cuya vida privada ha sido causa de la perdición de sus hijas una de las cuales fue presidenta del Socorro Rojo y amante de uno de los mayores asesinos de la ciudad fronteriza” eta Orosia Ordokik, Socorro Rojoko lehendakaria izandakoak, Palma de Malllorcako espetxean amaitu zuen. Bertan, bi aldiz simulatu zuten bere fusilamendua.

Atxilotuez hitz egitean ezin daiteke albo batean utzi Ondarretako Espetxea. Bertako 70 atxilotuk baina gehiagok Bidasoa zuten jatorri. Lapurretak, kontrabandoa edota erregimen berriarekin bat ez egitea leporatuta hamarnaka emakumek egin zuten egonaldia Donostiako espetxean. Avelina Esteverena Beratarrak lau egunez atxilotua egon zen abortatzeagatik.

Ezagutzen duzu kasuren bat?
Jarri gurekin harremanetan

Errefuxiatuak

1936ko irailak 4 eta 5a egun azpimarragarriak dira. Eskualdeko biztanleriaren gehiengoak Irun eta Hondarribitik ihes egiteko hautua egin zuen faxismotik ihesean. Avenida zubia, Kanetako portua edota Pausu errefuxiatuz beteriko puntu beroak bihurtu ziren. Irungo biztanleriak hamar mila pertsonako galera izan zuen altxamenduaren ondorioz.

Lehen helmuga Ipar Euskal Herria izan zuten errefuxiatuek eta hemen topatu dezakegu Arrueta-Sarrikotako “Zamakoitz” etxea. 1936 eta 1940 urteen artean irekia egon zen eta bertan batu ziren Bidasoaldeko hainbat bizilagun edota “Goizeko Izarra” eta “Habana” ontzietan Bilbo eta Santanderretik etorritako errefuxiatuak. 1937an 100 errefuxiatu bizi ziren Zamakoitzen, horietako asko adingabeak. Haur errefuxiatuek etxean bertan eskolatu zituzten 1939ko azaroa arte, gurasoek haurren itzulera ofizialki eskatu arte.

Bidasoko errefuxiatuen beste garrantzizko helmugak Bartzelona eta Katalunia izan ziren. Generalitatateak hamarnaka errefuxiatu jaso zituen Poble Espanyol eta Monjuiceko estadio olinpikoan. Hala ere, 1938an, frontea Bartzelonara gerturatzen zen heinean, errefuxiatuak Frantziar Estatura itzuli ziren eta bertatik Bidasoko bizilagun asko euren jatorrira. Muga pasata hasi ziren errefuxiatu hauen sufrikario eta errepresioak: Atxilotze guneak, burlak, tratu txarrak edota bazterketa. Itzultze osteko errepresio hori bizi zuten Juncal Violet, Rosi Perez eta Karmentxu Muruak.

Aparatu Frankistaren errepresioa

Eskualdeko Karlistek botere nabarmena izan zuten Frankismoaren lehen urteetan. Botere karguak kontrolatzeaz gain, Nafarroako Junta Central Carlista de Guerrarekin harreman zuzena zuten; honenbestez, ez da harritzekoa informazio trukaketa edota susmagarrien zerrendak osatu izana. Zerrenda hauetan Bidasoko hainbat emakume topa daitezke alderdi ezberdinen militante izateagatik edota iritziak libreki adierazteagatik.

Jarraipenak zerrendatik haratago joan zen zenbait kasuetan, epaiketa eta sententziekin. Gabriela Duinat Lasak, abertzalea izan eta erbestean egon izanagatik, 500 pezetako isuna jaso zuen. Jazoera berdinagatik 2000 pezetako isunak ere ezarri zituzten. Aipagarria da ere Flora Martinezen kasua. Jaizubiako irakaslea zenak kargua galdu zuen erbestera joateagatik.

Bilatu fitxak