Pikoketako erailketak

Frankistek 14 gazte fusilatu zituzten 1936ko abuztuaren 11an. Gehienak Komunisten Gazteria taldekoak ziren, tartean 16 eta 17 urteko Pilar Valles Vicuña eta Merche Lopez Cotarelo. Puntu estrategikoa da Pikoketa. Behe Bidasoa eta Oiartzungo bailaren erdian dago, ezinbesteko puntua Frankistentzat, Irunera jaitsi ahal izateko. Miguel Usabiagaren Flores de la República, los olvidados de Pikoketa liburuan oinarrituta, hala suertatu ziren fusilamenduak.

Uztailaren 31an, Alfonso Beorlegui Koronelak Emilio Mola Jeneralaren telegrama jaso zuen. Jeneralak tropak mugimenduan edukitzea eskatu zuen, Irun eta Hondarribia hartzeko. Agindua abuztuaren 3, 5 eta 8an errepikatu zen. Azkenik, abuztuaren 10ean, Oiartzungo Ergoien auzoan setiatua zegoen Koronel frankistak erasoa antolatu zuen: Frankistek Erlaitz, Pagogaña, Aiako Harria, Pikoketa mendilerroan erasoa gauerdian joko zuten, Pikoketatik Irunera jaisteko.

Los Arcos Zutabeko 300 bat soldaduk hasi zuten bidea Ergoienetik abuztuaren 10ean. Uda izan arren, gaua euritsua zen eta basoak behe lainoz estaliak zeuden. Gauerdian heldu ziren soldaduak Pikoketara eta goizaldean jo zen baserriaren aurkako erasoa. Bertan zeuden miliziano batzuk ihes egitea lortu zuten, beste batzuk aldiz ez. Hemen hasten dira istorio berdinaren kontaketak:

Memorias del Tercio Montejurra

Policarpo Cia apaiz Carlistaren Memorias del Tercio Montejurra liburuaren arabera, baserri barrualdean giroa eta musika entzuten zen. Lauak aldera, soldaduak tiroka hasi ziren eta ofizial batek esku bonba bat baserri barruan bota zuenean irten ziren milizianoak. 10-8 bat atxilotu zeuden bi emakumerekin. Beorlegui Coronelak pertsonalki galdekatu zituen presoak eta Policarpo apezak azken aitorkizuna eskaini zuen fusilaketak hasi aurretik: “Mi principal misión era salvar las almas de aquellos desgraciados… La piedra de escandalo fueron aquellas dos mujerzuelas, que blasfemando de dios, el puño en alto y gritando ¡Viva Rusia! Recibieron la descarga final.”

Doctor Runy

Miguel Sáenz de Pipaón y Tejadak, Doctor Runy izenpean, soldaduak gaueko hiruretan irten zirela adierazten du. Tirorik gabe sartu ziren baserrian, bi emakume txokolatea sukaldatzen zeudela. 30 lagun atxilotu omen zituzten, horietako bederatzi Karabineroak. Runyk ez du fusilaketa aipatzen, justizia zabaldu zela baizik: “Mucho no tardaron en incoarse juicios sumarisimos. La justicia se hacia implacable”.

Operazio egunkaria

Beorlegui Zutabearen operazio egunkariak dio, soldaduak 00.30etan irten zirela Ergoienetik. Pikoketara iristean, goizaldean hasi ziren tiroak, Frankistek puntua kontrolpean eduki arte. Bederatzi hildako eta zazpi atxilotu kontatu zituzten Erreketeek.

Ezagutzen duzu kasuren bat?
Jarri gurekin harremanetan

Fusilaturiko bi emakumeak

Policarpo Ciak bakarrik azaltzen du esplizituki fusilaketak egon zirela eta bi kontakizunetan aipatzen da Pikoketan bi emakume zeudela. Fusilaturiko bi emakume horiek Pilar Vallés Vicuña eta Mercedes Lopez Cotarelo dira, 36ko altxamenduaren ondorioz lehen bi emakume erailak Behe Bidasoan.

Lekukoengatik eta Miguel Usabiagaren ikerketagatik ezagutzen ditugu nortzuk diren emakume hauek. 16 eta 17 urteko neska gazteak, biak Komunisten Gazteria taldeko kideak. 1934ko urriko iraultzaren ostean sartu ziren gazte antolamenduan eta altxamendu ostean Pikoketaren defentsan murgilduak zeuden Juveko beste hainbat kide, eta mendira igo ziren karabineroekin. Lehen defentsa taldeak ideologikoki batzen ziren, hortaz, ez da harritzekoa fusilatuen gehiengoa Juveko kideak izatea.

Flores de la República liburuan, Mercedes Lopez Cotarelo emakume mugitutzat definitzen da. “Muy decidida y resuelta, agitadora; por su energia y condiciones. Era la responsable del trabajo comunista entre las mujeres”. Osaba izeba eta lehengusuekin bizi zen irungo Jesus kaleko 7. eraikinean. Pilar Vallés berriz, lasaiagoa zen. Jatorriz Aragoikoa, Boquiñenakoa, eta gurasoekin bizi zen.

Bernardo Iparraguirre

Ergoienetik Pikoketarako bidea ez zuten bere kabuz egin Erreketeek. Pikoketako Fusilaketen ikerketa taldeak bazekien soldaduek bertako gidari bat baliatu zutela. Erantzuna Mikel Mendizabalen Gau Iluna dokumentalean dago. Bernardo Iparraguirre artzaia elkarrizketatu zuen eta honek soldaduak Pikoketara gidatzera behartua izan zela, azaldu zuen.

Soldaduek artzaiaren atzetik egin zuten Ergoien eta Pikoketa arteko bidea. Helmugan tiroka hasi zirela dio Iparraguirrek, tiroketak goizeko 10ak arte iraun omen zuen, Frankistak baserriaren jabe egin arte. Baten batek ihes egitea lortu zuela baieztatzen du Iparragirrek elkarrizketan baina atxilotuek, bi emakumeak barne, Beorlegui Coronelaren heriotz zigorra jaso zuten: “A fusilar todos”.

Deshilobiratzea

1978an, Fusilatuen senideen borondatez, urtetan isilpean egon zen jazoerak argi izpiak ikusi zituen. Erailien senideak Pikoketa bisitatu zuten erantzun bila eta bertako bizilagun bati hainbatetan galdetu ostean, fusilatuen hobia topatu zuten. Uztailaren 28an topatu zituzten gorpuzkiak senideek eta abuztuaren 2an hilobiratu zituzten gorpuzkiak Blaiako hilerrian.

ITURRIA: Miguel Usabiagaren “Flores de la República los olvidados de Pikoketa” liburuan oinarrituta.

Bilatu fitxak