Izena: Andrée | Jaiotza: 1916 | Herria: Schaerbeek (Belgika) |
I Abizena: De Jongh | Heriotza: 2007 | Jazoera: Espetxeratua |
II Abizena: |
Iturria
Mujer y Republica. Emakume eta errepublika. “Nicolas Guerendiain” Irungo Errepublikarrak. Asociación Republicana Irunesa “Nicolas Guerendiain, 2008;
Andrée de Jongh, Dedée izenez ezaguna, erizaina izan zen, Belgikako erresistentziako kidea, eta Red Comète antolatu zuen, II. Mundu Gerrako soldadu aliatuen iheserako. Naziek Belgika inbaditu zutenean, 1940ko maiatzean, Andrée Bruselasera joan zen, eta han, bere aitaren laguntzaz, sare bat prestatzen ari izan zen urtebetez, harrapatzen zituzten soldadu aliatuek ihes egin zezaten. 1941eko abuztuan, Bilboko kontsuletxe britainiarrean aurkeztu zen, M19ren babesa lortzeko asmoz. Soldadu britainiar batekin eta bi boluntario belgikarrekin joan zen, trenez, Parisetik igaro eta Baionaraino. Eta gero, Pirinioak oinez gurutzatu behar izan zituzten, Kattalin Agirrek eta Florentino Goikoetxeak zuzentzen zuten talde euskaldunen laguntzaz, horien laguntza ezinbestekoa baitzen muga Bidasoan barrena zeharkatzeko. Antzeko bideetatik, gero, Madrileko kontsuletxe britainiarrera iritsi ziren, eta handik, Gibraltarrera. 400 militar aliatuk ihes egin zuten Belgikatik. Horietatik, 118ri lagundu
zien Andréek bidaia osoan. Gestapok bere aita Frédéric de Jongh atzeman zuen Parisen, 1943ko ekainean, eta exekutatu egin zuten. Sareko beste kide batzuk ere atxilotu zituzten, eta horietako 23 ere exekutatu egin zituzten. Andrée ere 1944ko urtarrilean atzeman zuten, baina Red Comètek aurrera egin zuen, eta beste 400 presok ihes egitea lortu zuen. Naziek ez zuten susmorik Andrée sareko burua zela, eta Fresneseko presondegian eduki ondoren, Ravensbrück-eko kontzentrazio-eremura eraman zuten. Tropa sobietarrek askatu zuten 1945eko apirilaren 30ean.