Casilda Hernaez Vargas
Casilda Hernáez Vargas Zizurkilgo Fraisoro umezurztegian jaio zen 1914ko apirilaren 9an. Haurtzaroa Zizurkilen igaro zuen eta handik Donostiako Egia auzora joan zen. 1931tik Gazte Libertarioen militantea da. Behin baino gehiagotan atxilotu zuten: propaganda banatzeagatik, grebara deitzeagatik, lehergaiak edukitzeagatik,... Guadalupeko gotorlekuan giltzapetu zuten eta, epaitu ondoren, 29 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten eta Madrilgo Las Ventaseko espetxera eraman zuten. 1936ko otsaileko amnistiari esker askatu zuten. Irungo eta Donostiako borroketan parte hartu zuen 1936ko uztailean, eta Frantziara ihes egin behar izan zuen. Penintsulara itzuliko da Kataluniatik, Madrilen defentsan parte hartzeko. Gainera, Aragoiko frontean parte hartu zuen, Bartzelonakoan, bere taldekide Likinianorekin batera. Pirinioak zeharkatu zituen La Jonqueratik eta Argelers eta Gurseko zelaietan giltzapetu zuten. 1943ko urritik aurrera, bera eta Likiniano Miarritzen jarri ziren bizitzen. Bertatik, operazio antianazi eta antifrankista bideratu ziren. Casilda minbiziak jota hil zen 1992ko irailaren 1ean Donibane Lohizunen (Lapurdi).